Irizpideak


«Literatura, bizitzeko modua besterik ez da»
Joseba Sarrionandia


  • Zer da haur literatura?
Definizio bat lortzen saiatu badira ere, azkenean denek jo izan dute hartzailearen ezaugarrietara; hots, haurrak eta gazteak direla literatur mota hau definitzen dutenak, hartzaileak.
Kontzeptua zehazterakoan hartzailea zein den eta nolakoa den kontutan izan beharko dugu baita zein jarrera eta ezaugarri dituen ere.

Haur eta gazte literatura ez da haurrek edo gazteek irakurtzen, ulertzen eta disfrutatzen duten literatura; baizik eta helduek ere irakur, uler eta goza dezaketena.

Beraz, helduen literaturan erabilitako irizpide berberak erabil daitezke hauetan ere, baina horretaz gain beste zerbait ere har daiteke aintzakotzat: ulermena (eta ez bakarrik hizkuntz irizpideekin, baita kultur esperientziaren, jakituriaren, edota gure espektatiben arabera ere).
Haurra zein gaztea garatze prozesu batean guztiz sarturik dagoen gizakia da, etengabeko aldaketan, eta ezaugarri hauek zaildu egiten dute haur eta gazte literaturaren kontzeptua zehaztea, haur eta gazte literaturaren definizioa zaila den neurrian (Diez, 2014).

Irudiak, sinboloak eta hitzak; gorputza, erritmoa, musika. Haurrak eta gazteak mundua ulertzeko modu bat.


  • Nola sustatu?
HH-ko gelan haur literatura sustatzeko bide eraginkorrenetako bat jolasa bitartekari gisa erabiltzea izan daiteke. 

Haurrek hitzen lilura jolasetan aurkitzen dute eta hitzen magia jolasen bidez transmititu izan ohi da. Jolasetan, eguneroko bizitzarekin, bizitza arruntarekin alderatuta, irrealtasunaren halako kontzientzia bat dago. “Beste gauza bat gara”, “Beste gauza batzuk egiten ditugu”; dena misterioz betea da, jolaskideek soilik dakizkiten ezkutuko sekretuez betea. Jolasa atsegina eta irudizkoa denez eta jolasetan poza eta umorea nagusi direnez, hitzen lilura jolasetan aurkitzea erraza egingo zaigu haurrekin aritzen garenoi. (Altuna, 2013)

Haur literatura sustatzeko beste klabeetako bat, hizkuntza izan daiteke. Hizkuntza denotatiboa, ingurua nolakoa den erakusten duena beharrezkoa da, eta eskolak hori erakusten du batez ere; baina hizkuntza afektiboa beharrezkoagoa da, batik bat lehen urteetan. Hizkuntza bat ingurua erakusteko, “hau mahaia da” esateko bakarrik irakasten bada, erabat formala izango da, eskolarako bakarrik erabiliko da, eta behar afektiboak beste nolabait adierazi beharko ditu haurrak (batez ere nerabezarora iristean), gaztelaniaz edo ingelesez, edo hizkuntza ez den beste adierazpide baten bidez. Haurrak txiki-txikitatik hizkuntza afektiboaren beharra du, beraren behar nagusiak asetzeko hizkuntza hau eskaini behar zaio batez ere.  Hizkuntza afektibo hori mendeetan zehar bildurik, ondurik eta sustraiturik dauka poesiak, hala poesia herrikoiak nola jasoak.

Barruari hitz egiteko moduak eta bideak beharrezkoak ditu haurrak; eta horretarako biderik emankorrena poesia da. Poesiak indar barnerakoia du, barnea berpizten du, inarrosten eta antolatzen; edo beste batzuetan desantolatzen, barruko graka astintzeko.

Gaur egun, ahozkotasuna landu beharrez egiten diren ahaleginetan, idatzizko testua oinarri duen ahozkotasuna hartzen da abiaburutzat. Hori ongi dago irratiko, telebistako, irakaskuntzako, hitzaldietako eta abarretako ahozkotasuna lantzeko: ongi ahoskatzen ikasi, diskurtsoa ondo antolatzen ikasi, jendearen arreta erakartzeko baliabide erretorikoak nola erabili ikasi... Buruaren agintepean dagoen ahozkotasuna da. 
Alabaina, bada beste ahozkotasun bat, etxekoa, eta eskolakoa ere bai hein handi batean, emozio eta sentipenen adierazpena duena abiaburutzat; hots, buruari baino gehiago bihotzari dagokiona. Arlo horretan, ez dago hizlaririk, munduko onena izanik ere, guraso totel baten parera iritsiko denik, bere umeari ipuin bat kontatzerakoan; ez dago CD edo grabaziorik, munduko ipuin-kontalaririk onenak kontatua izanik ere, gurasoaren ahotsa ordezkatuko duenik. Eta berdin irakaslearena, eskolan gurasoaren lekua hartzen du eta.

Barne-emozioei hitzak jartzen dizkieten piezak ahaztuta eta baztertuta ditugula dirudi. Talde honetan sartzen dira lo-kanta gehienak; hor sartzen da poesia lirikoa, errima eta hitz-jolasa baino harago doana, sentipen bat barruraino eramateko gai dena; hor sartzen dira amonen ipuinak, barne gatazka sakonenen adierazle direnak, hor sartzen dira gaur idazten diren ipuin asko ere bai. Haurrari modu horretan mintzatzen zaizkion ipuinak eta poemak baztertuta ditugu.

Dibertitzeko eta ondo pasatzeko ipuinak eta kantak behar dituzte, eta ahalik eta egokienak eskaini behar dizkiegu, baina barrua osatzeko piezak ere presente izan eta erabili behar dira (Igerabide, 2009). 

  • Zeintzuk dira ahozko eta idatzizko literaturaren onurak?
Ahozkoari literaturari bat-batekotasunaren freskotasun inperfektua dario. Ahozko kontakizun guztiak ezberdinak dira: ipuina eguneratu egiten da; entzulearen eta unearen arabera, egokitu egiten da. Entzutea taldeko jarduera da, hainbat ahots biltzen dituen erritua: istorioa idatzi edo asmatu zuenarena, kontatzen duenarena eta bertatik bertara entzuten duenarena. Ahozkotasunean, bitartekari-lanak egiten ditu kontatzaileak. Istorioa entzulearekin jartzen du harremanetan, eta arnasaz, ahotsaz, begiradaz baliatzen da horretarako. Narratzaileak edo kontu kontalariak mundua ikusteko duen moduak baldintzatzen du istorioa. (Imaz, 2010)

Ahozko ipuina bizirik dago. Hemen eta orain egiten da. Horregatik, izaki bizidunekin gertatzen den bezala, berak ere eraldatzeko gaitasuna du. (Franko, 2010)

Idatziak mila bider zuzentzeko aukera ematen du erakutsi aurretik. Bi sormen-jarduerok istorioak kontatzeko dira.  Ahozkoari, berriz, bat-batekotasunaren freskotasun inperfektua dario. Ahozko kontakizun guztiak ezberdinak dira: ipuina eguneratu egiten da; entzulearen eta unearen arabera, egokitu egiten da. Hartze-prozesuan ere alde handiak daude. Irakurtzea bakarkako lana izan ohi da, bai irakurlearentzat bai idazlearentzat. Ez dago bitartekaririk. Entzutea, berriz, taldeko jarduera da, hainbat ahots biltzen dituen erritua: istorioa idatzi edo asmatu zuenarena, kontatzen duenarena eta bertatik bertara entzuten duenarena. Ahozkotasunean, bitartekari-lanak egiten ditu kontatzaileak. Istorioa entzulearekin jartzen du harremanetan, eta arnasaz, ahotsaz, begiradaz baliatzen da horretarako. Narratzaileak edo kontu-kontalariak mundua ikusteko duen moduak baldintzatzen du istorioa (Imaz, 2010)

Idatzia dagoena bizkarrezurraren parekoa da. Eta kontatu nahi baduzu, zeure haragia eskaini behar diozu, zeure begiak, zeure ezpainak, zeure hankak, zeure arnasa, erritmoa, tonua...; hitz batean esateko: zeure gorputz osoa.
Eta hitza hasiko da bibratzen zeure ezpainetan, momentu eta egoera bakoitzaren arabera (Añorga, 2010)
 
  • Literatura hezkuntzan - Zer piztu dezakegu haurrengan?

Hizkuntza bera lantzen denean horrelako materialetan ez da arazo handirik sortzen: arlo hau instrumentala da eta oinarrizko lau trebetasunak landu behar dira: entzutea, mintzatzea, irakurtzea eta idaztea.

Azkeneko urteotan eta plan berriak direla eta, esan ohi da Literatura desagertzear dagoela, hori ordea ez da egia. Literatura derrigorrezkoa da Haur Hezkuntzan, DBH n eta Batxilergoan, aldatu egin dena tratamendua da. Literaturari buruzko edukiak eta datuak ematen dira, baina testu literariotik abiatuta eta komunikaziorako bide berezi bat bezala, literaturaren beraren ezaugarri eta balore propioekin.

Batez ere, testu literarioa bera eta hizkuntza literarioa landuko dira, ahaztu gabe hala ere edozein obra literario ingurune sozio-kultural zehatz batean sortzen dela, kultur korronte baten barruan dagoela, eta abar. Ikasgeletan testu literarioa irakurri, interpretatu eta ekoiztu egiten da. Aide teorikoek mailak aurreratzen diren neurrian hartzen dute garrantzia.

Literatura ez da desagertu, baina ikuspuntu ezberdin batekin lantzen da; ez dira irizpide historizista eta formalak erabiltzen, literatura ez baita historia, ezta ikasleak filologoak ere. Orain enfoke komunikabotik aztertzen dira testuak, bertan adierazten dena, testuinguruaren eragina eta halakoak. Dena den, gai hau ez da erraza eta irakasle guztiak ez daude ados printzipio hauetan. Bakoitzak aukeratu beharko du gaitasun literarioa lortzeko zein estrategia aukeratu.
Metodo ugari dago gaitasun hau garatzeko: betiko eskola magistrala, literatur tailerrak -berriagoak-, proiektuak, sekuentziazio egoki bat antolatuz (gaika, generoka,...), etb.
Helburua hori izango da nolanahi ere, gaitasun literarioa bereganatzea, bai irakurtzeko eta bai ekoizteko, idazteko.
Gaur egun material literarioak sortzerakoan testu literariotik abiatu egin behar da. Testu hauek esanguratsuak izan behar dira eta ardaztuta dauden materialen planteamenduarekin bat etorri (gaiagatik edo beste elementu batzuengatik). Hortik hasten da beste aspektu batzuen ikasketa: testua bera, testuaren testuingurua, osagai linguistikoak, generoa…

Literaturaren horrelako edukinak osatzeko planteatzen da irakurketa. Batzuetan aholkatzen edo gidatzen dira irakurketak; bestetan edozein liburu irakurtzea proposatzen da: helburua irakurtzea da, eta gustura irakurtzea. Hau ez da ikasi behar den beste arlo bat, bere ordu propioak ditu eta eskolatik kanpo ere aritzen da.

Eskolaren eginbeharra hain zuzen ere, irakurzaletasuna piztea da (Egaña, 1999). Horretarako iharduera zehatz batzuk egin daitezke: liburuaren eguna antolatu, transposizioak, hau da, irakurritakoa beste euskarrietan adieraztea: marrazkietan, muraletan, dramatizazioetan… liburutegia dinamizatu, azaldu, konpartitu edo komentatu irakurri egin dena egoera komunikatibo batean, beste hedabideak erabiliz, etb.
Baina bi eginbehar daude oso garrantzitsuak irakurketarekin asmatzeko:

  • Prozesua, irakurketarena, ahalik eta gehien pertsonalizatzea, hau da: haurraren nortasuna ezagutu, gustuak, arazoak, ...aholkua emateko.
  • Testu egokia aukeratzea: erreala, anitza, ulergarria eta eduki berriak gehitu ditzakeena.

Honetaz gain, kontuan eduki behar da irakurzaletasuna eta ohitura indartzearekin batera, beste helburu bat datorkigula: disfrutatzearena, eta tresnak ematearena gozamen hau gauzatzeko.

Beraz, ikasleek irakurriko dute hainbat etekin ateratzeko: irakurtzeko, zaletasuna suspertzeko irakurlea irakurtzen eratzen baita, eta jakina, gozatzeko, hori da eta bestearekin batera helburu nagusia. Gainera, haur eta gazteek irakurtzen dituztenak hurbilak sentitzen dituzte, eta bertan, ezagupen berriak aurkitzen dituzte. Amaitzeko esan, aipatutako abantailez gain, harremanak eta afektibitatea lantzen direla.

  • Zeintzuk dira irizpideak?
Gaur egun liburu asko argitaratzen dira, ezinbestekoa da ondo hautatzea. Ezin da dena irakurri, horregatik irakasleok era aproposean egiteko zenbait irizpide izatea garrantzitsua da. Lehendabizi irizpide horiek jarraitzen dira era orokorrean, eta gero, modu espezifikoan aztertzen dira. Hona hemen, Teresa Colomerrek eta Gemma Lluchek proposatzen dituzten irizpideak:


Irakurri aurretik
  • Azala eta kontra-portada erakargarriak dira? Irakurtzeko gogoak pizten ditu?
  • Guardek testuaren ideia ulertarazten dute?
  • Formatuak istorioarekin bat egiten du?
  • Testuaren eta irudiaren arteko lotura zuzena da?
  • Koloreek kontakizunari laguntzen diote?
  • Letra aproposa da haur hezkuntzarako?
Irakurri ondoren
  • Erakargarria da?
  • Gustatu zait?
  • Sentitu al dut zerbait?
  • Bizitzako uneren bat gogorarazi al dit?
  • Liburua amaitzea nahi izan al dut?
  • Zer du berezi liburuak?  
  • Zer harritu nau?
  • Zer kontatzen du?
  • Nola kontatzen du?
  • Norbaiti gomendatuko al diot?
  • Liburuarekin amaitzean  istorioarekin buruan jarraitzen al dut?
  • Amaiera zentzua ematen dio ipuinari?
Hizkuntza
  • Irudiak sortzen ditu?
  • Zentzumenak pizten ditu?
  • Gramatika egokia al da?
  • Ulergarria da?
  • Esaldi laburrak?
  • Kohesioa?
Narratzailea/Protagonistak
  • Narratzaileak zein pertsonan kontatzen duen eta gaiaren arabera lortzen duen haurrarekiko inplikazio maila egokia den
  • Pertsonaiak: haurrek beraiekin identifikatzeko aukerarik daukaten ala ez, enpatia lortzen dute, narrazioan zehar eraldatzen dira
Sekuentzia narratiboa
  • Hasiera?
  • Korapiloa edo garapena?
  • Amaiera?
Ilustrazioak
  • Lehenengo begiradak zer iradokitzen digu?
  • Erakargarriak dira?
  • Testuari laguntzen diote?
  • Testuarekin kontraesanak sortzen ditu umorea emateko?
  • Denbora ulertzen laguntzen dute?
  • Irudiek narrazio bat osatzen dute?
  • Kolore eta formekin jolasten du?
Denbora
  • Istorioan zehazten da?
  • Argi geratzen da?
Espazioa
  • Irakurle toki jakin batean kokatzen laguntzen du?
Erabilpena (aurreko guztia kontuan hartuta)
  • Klasean lantzeko aproposa da?


 


 ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK:



No hay comentarios:

Publicar un comentario